2020ko apirilaren 8a

Landa Garapeneko Departamentuak 3 milioi euroko partida jarri du martxan COVID-19ko krisialdian nekazaritzaren eta abeltzaintzaren sektoreari laguntzeko

Neurri hori ardientzako laguntzen lehen lerro espezifiko bat barne hartzen du eta Landa Garapeneko Programaren eta kanpainako saldoen 10 milioiko berehalako ordainketari gehituko zaio
videocam Spot publicitario en castellano collections Irudi galeria

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak  3 milioi euroko partida jarri du martxan COVID 19ren krisian nekazaritza eta abeltzaintza sektoreari laguntzeko. Foru Legearen Proiektuaren bidez Nafarroako Parlamentuan gaur onartuko  diren koronabirusaren aurkako ezohiko neurriak finantzatzeko diru-kantitate espezifikoa da.

Minimis erregimenaren araberako lehenbiziko laguntza-ildo bat ezarri da 3 milioiko partida horren barnean, ardi-sektorearentzat: ale bakoitzeko 3 euro emanen zaizkio osasun-krisiak gogorren kolpatu duen sektore horri, 1,2 milioi orotara. Laguntza horren izapidetzea eta kudeaketa artzainei ahalik eta gehien errazteko, eskaria NPBren eskarietarako inplementaturiko sistema berean eginen da.     

Era berean, Europako Batzordeak behar diren neurriak hartzen ez dituen bitartean, Nafarroako Gobernuak beste laguntza-ildo espezifiko bat diseinatzeari ekin dio, arkume-kanalen biltegiratze pribaturako. Lan egiten ari da, hainbat operatzailerekin harremanetan, biltegiratze-ahalmena zein den jakiteko, zer beharrizan dagoen zehazteko eta kiloko zenbateko laguntza bideratuko den erabakitzeko.      

COVID-19aren krisia dela eta Nafarroako Nekazaritzaren Kontseiluko Lantaldean sektoreko antolakundeekin adosturiko neurri-sortaren barnean daude bi ekimen horiek. Aurreikusi da, halaber, laguntzak izapidetzeko baldintzak eta epeak malgutzea, berehala ordaintzea LGP laguntza guztiei eta kanpainako salgai-hondarrei dagozkien 10,1 milioi euro, merkatuak erregulatzeko mekanismoak abian jartzea eta merkaturatze-zirkuitu laburrak bultzatzea.

Bertoko produktuak kontsumitzeko kanpaina

Aipaturiko neurriez gain, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak, INTIAren eskutik, kanpaina bat jarri du martxan gaur: “Etxean jaten dugu, etxekoa jaten dugu/Aukeratu Nafarroako produktuak. Zure hoberako; gure lurraren hoberako”, nafar produktuen kontsumoa sustatzeko xedez. Kanpainaren helburua bikoitza da: nekazarien eta abeltzainen lanak duen balioa aitortzea, osasun-krisi honetan agerikoagoa baita egiten dutenaren garrantzia; eta bertoko ekonomiari bultzada ematea.          

Kanpainaren lehen fasea publiko orokorrari eta gertuko merkataritzari zuzenduko zaio, eta sustapen-kartelak, irrati- eta telebista-iragarkiak eta sare sozialetan zabalduriko mezuak izanen ditu. Ondoren eginen den bigarren fasean azalera handiko saltokiak ere hartuko dira kontuan.

Nabarmentzekoa da kanpaina honek osatu egiten duela Nafarroako elikagai ekologikoak online saltzeko ekimena, CPAEN/NNPEK EKOALDEk bultzatu duena Nafarroako Gobernuaren laguntzaz, eta elikagai horiek ekoizleengandik etxeetara zuzenean eramateko banaketa-bide bat martxan jarri duena.